audio elektro
hurrengoa

Johnny Cash

American V: a hundred highways·Universal 2006

Beltzez jantzitako gizona Rick Rubinen albora gerturatu zen bere azken grabazioak egiteko. Ekimen horren azken alea da honakoa, non Cash gaixo batek Hank Williams, Don Gibson edo Bruce Springsteen bezalakoen moldaketak aurkezten dizkigun. Azken aldian gainera hainbat autobiografia, edizio berri eta komiki argitaratu da musikariaren inguruan. Bere ahots sendoaz gozatzeko aukera berri bat dugu oraingoan, bere azken grabaketek luzatzen digutena. Hunkigarria.

hurrengoa

Sonic Youth

“Rather Ripped”·Geffen records 2006

Azken urteetan grabatu duten disko onenetarikoa da. Duela gutxi 25 urte bete dute musikaren munduan eta jada ez da taldeko kide Jim O´ Rourke, azken urteetan batu zitzaiena. Horrek ez du alde batera utzi taldearen freskotasun eta indarra hamabi kantu berri hauetan. Ez dira asko luzatu abestietan eta hiru lau minutuko kantuak aurkezten dizkigute, pop doinuetara gerturatuz eta beti bezain gazte izaten jarraitzen dutela erakutsiz. Beti bezain soniko.

hurrengoa

Primal Scream

Riot City Blues·Sony/Bmg 2006

Duela lau urte argitaratu zuen “Evil Heat” Primal Scream-ek. Aurtengo udaran etorri zaigu haren buelta: Riot City Blues. Blues eta rock zikinenera gerturatuz. Ez dute energiarik galdu eta betiko ausardia erakusten dute. Batzuk gogor kritikatu duten diskoa bada ere, Primal Scream-ek berean jarraitzen du eta lotsagabe aurkezten dizkigute beren doinu berriak. Ez da hemen horren gustoko ditugun gaindosi elektronikorik baina ondo pasatzeko diskoa lortu dute eta gure gau mozkorretan alboan izango duguna.

hurrengoa

Tv On The Radio

Return to Cookie Mountain·4 AD 2006

Lan iluna atera du Tv On The Radio taldeak. Mingarria eta erakargarria aldi berean. Batzutan jasangaitza eta beste batzuetan ezinbestekoa. Hori betiko norabide berritzailean lortu dute, atmosfera eta giro ezberdinak nahastuaz eta batzuetan elektronika eta beste batzuetan rockaren bitartez bideratu duten lana, "I was a lover" edo "Hours" bezalakoekin hasi eta "Wolf like me" bezalakoekin jarraitzen duen diskoan. Udaran egin ez duzun bidai galaktikoa etxeko egongelako sofan egiteko aukera duzu hemen.

hurrengoa

Munlet

Edición Espacial 2003-2006 Recordings·Autoekoizpena

Oraindik ez badituzu ezagutu jada berandu zabiltza. Mendarotik datorren bikoteak bere ibilbidea laburbiltzea erabaki du, azken urteetan beraien etxeko estudioan grabatu dituzten kantuak gerturatzeko asmoz. Gora teknologia berriak! Munlet lotsagabeak dira elektronika eta rocka nahasterako orduan, Motorheaden "Overkill" moldatzean edo "Monstruo bicéfalo" bezalako kantuak abesterakoan. Haiekin kontaktuan jarri anaina@euskalnet.net helbidean eta lortu honako diskoa. Zure bizilagunak ez daitezela ohartu berandu zabiltzala!

hurrengoa

Wolfmother

Wolfmother.Island records.

Australian kokatzen dugun hirukotea. 70. hamarkadako hard rock eta momentu batzuetan heavy rocka berreskuratzen dute. Harrigarria izaten da batzutan hiru kidek osatutako taldeak atera dezakeen zarata, hau da, jende gehiagok osatutako talde-soinua lortzea. Black Sabbath eta Led Zeppelin bezalakoetatik asko edanda, hori da disko honetan batek entzuten duena. Indarra eta energia "Woman" edo "Pyramid" bezalako kantu handiek beteta. Psikodeliari ere ateak irekitzen dizkion talde honek burua astindu eta eskuak altxatzeko musika egiten du, iajaaa!!!