paperpapers
hurrengoa

2666

roberto bolaño

Aspaldian erosi eta bidaia baten aitzakiaz irakurritako liburua. Nola laburtu hemen 1500 orrialde pasatxo dituen nobela hau? Ezinezkoa da. Bizitzan, kutsu entziklopedikoa duten dozena erdi liburu irakurtzen du irakurle ertain batek. 2666 da liburu horietako bat, nahiz eta gure uste apalean dozenaka orrialde soberan izan. Bost istorio nagusi baina elkarri lotuak. Pertsonaia
ugari eta espazioan eta denboran banatutako narrazioak. Harrapatu, eta minbiziaren moduan geratzen zaizkizu liburu honetako hainbat pasarte
sabelean itsatsita. Eta ez da "benignoa".

hurrengoa

katu jendea

eider rodriguez

Edertasuna eta dirua aipatzen ditu egileak zazpi ipuin hauen ardatz nagusi gisa. Edertasuna kontzeptu zabala da, eta subjektiboagoa akaso, baina diruarenak ongi definitzen du ipuin hauetan nabarmena den giro errealista eta orainaldirako joera. Zuzen idatzita daude ipuin hauek. Narrazioak ez dira azpi trama apaingarrietan galtzen. Hala ere, Rodriguezen idazkeraren adierazgarri diren gordintasuna eta sentimendu errezelen jokoak ageri dira. Zinikoak eta putakumeak diren pertsonaiak ere nolabait maite dituela nabari zaio idazleari. Ipuinek errealitate material batetik, errealitate intimoago batera eramaten gaituzte. Katu jendea esistitzen den moduan, katu idazleak ere esistitzen direlako.

hurrengoa

xabier eta karajito

maria agirre / amaia fernandez

Bilduma honetan ipuin ezberdinak topatuko ditugu, guztietan, ordea, Xabier izeneko mutila eta Karajito astoa dira protagonista. Estilo zuzen eta sinplean idatziak eta marraztuak, ipuin hauen grazia hain zuzen ere izaera naif horretan datza. Egungo ipuin liburu ugariren sofistikazioaren eta estetikaren lehentasunaren aurrean, Xabier eta Karajitoren abenturek xalotasuna eta entretenigarritasuna dute helburu. Joxan Ormazabalek itzuli zituen Xabier eta Karajitoren abenturak, mendi buelta egiten ari zela duela gutxi utzi gaituenak.

hurrengoa

yo, otro libro egocéntrico dejuanjo saez

juanjo saez

Juanjo Saez-en fan fatalak gara. Bere aurreko lanak —El arte, Viviendo del cuento, Buenos tiempos para la muerte— dibertigarriak eta inteligentziaz beteak dira. Komiki liburu berri honetan ildo berari eusten dio, baina, kasu honetan, autobiografiko samarrak izaten diren bere istorioak zuzen zuzenean bere buruari eskaintzen dizkio. Eta bere buruari egiten dizkion kritika zorrotzekin barre eginarazi eta pentsarazi egiten digu berriro Saez jaunak. Círculo Primigenio fanxinean zebilenetik jarraitzen dugu bere lana eta ez gara sekula asetzen.