hurrengoa
magenta askatu!    MAGENTA 1890-2007?
#FF0090 / RGB 255-0-144
Magenta lehenengo tinta ez-organikoa izan zen eta Magentako gudaren ostean asmatu zenez Italiako hiriaren izenez bataiatu zuten. Magenta egun, 4 koloretan ( cyan, magenta, horia eta beltza ) ardazturiko inprimatzeko sisteman ezinbesteko tinta bihurtu da. Magenta ardatz duen CMYK inprimatze sistema hau, 1890. urtean asmatu zen, egunkariek komiki tirak koloreetan argitaratzea erabaki zutenean.
1967. urtean sinatutako Outer Space Treatyk munduko nazioei espreski debekatzen zien ilargia eta bestelako espazioko eremuak bereganatzea. Ez zuen ordea ezer esaten pertsona fisikoetaz eta 1980. urtean Dennis Hope estatubatuarrak ilargia bere izenean erregistratu zuen. Bitxikerien sailetako albistea edo beste "gringokeria" bat soilik litzateke, orduz geroztik eta Californiako Rio Vista enpresaren bitartez, 300.000 pertsonek ilargian terrenoak erosi izan ez balizkiote Hope jaunari.
Orain, Europa "amerikanizatu" honetan, Telecom telefono konpainia erraldoiak bere logoa eta irudi korporatiboa margotzen duen magenta kolorea erregistratu nahi du. Barregurea ematen du. Baina barrea lausotzen den heinean beldurra sentitzen hasten gara, eskaera egin badute, magenta kolorea bereganatzeko aukerak dituztela susmatzen dutelako izango bai da. Bat batean, koloreak jabeak izaten hasteko aukera irekitzen da. Kanonak ordaintzen hasi beharko dugu koloreak erabiltzeagatik? Itsuak bihurtuko al dira ikusleen herrialdean errege? Zein da daltonikoen iritzia afera guzti honen inguruan? Beste behin surrealismoa errealitate bihurtua. Duela urte batzuk inork ez zuen bideobigilantzia kamararik nahi inguruan...orain berriz auzoetako bizilagunak dira kamarak jartzeko eskatzen dutenak. Anormal hutsetan bihurtzen gaituzte, egia da, baina askotan ere anormal hutsak izatea gustatzen zaigula dirudi.