hurrengoa
soinu mapa    Paisaia: Eskualde bateko lurrazalaren itxura orokorra, forma geologikoek, landarediak eta gizakiaren eraikuntzek ezarria, begirada batek bere osotasunean hartzeko modukoa. Paisaiaren definizio ofizialean ikusmenari soilik egiten zaio so. Baina gure beste zentzuek ere paisaiaren pertzepzio propioa dute. Paisaia orok adibidez bere soinua du, aldagarria eta ezberdina izan daitekeena une oro. Eta aniztasun horrek hain zuzen are interesgarriagoa egiten du soinuen paisaia. Paisaia sonoro horiek kokatu eta gozatzeko sortu ziren soinu mapak.

Soinu Mapa proiektuaren abiapuntua 2001. urtean Luz Maria Sánchez mexikarrak Euskal Herrian egindako soinu grabaketak izan ziren. Audiolabek, Artelekun egindako egonaldian utzitako grabaketa hauek bildu eta Soinu Mapa proiektua sortu zuen.

Grabazio hauetaz gain, berriak jaso eta egindako ekarpenak biltzen jarraitzen du Soinu Mapa egitasmoak. Modu honetan, apurka apurka soinuen mapa osatuz doa. Mapa honek badu munduko beste eremu ezberdinetan parekorik. Honela, sarearen bitartez, edonork izan dezake munduko beste paisaietan entzuten den soinuaren berri. Eta ekimen irekia denez (Creative Commons lizentziapean) soinu hauek erabili eta elkarbanatzeko aukera dago.