hurrengoa
antzerki nipona i.b.m.   Japonia ekialdea izaten jarraitzen du, jakina, baina ez uste bezain urruna. Egun, distantziak laburtu egin dira, eta badira zenbait bide, non distantzia kilometrotan neurtu baino denboran neurtzen den. Komunikabideak, teknologi berriak dira muga guztien gainetik pasatzeko gai eta horri esker inoiz baino gertuago dugu ekialdea ere bai. Hala ere, exotikoa izaten jarraitzen du, batez ere ezezaguna zaigun neurrian. Dena dela, harritzekoa da zenbat jende liluratua dagoen bereziki Japoniarekin, edo hobe esanda, herrialde dotore horren senaren aberastasunarekin. Nork ez ditu geishak gogoan, esaterako? Irudika genezake segituan: jantzi koloredunak, makilaje deigarri eta gehigizkoa, mugimendu berezi eta oso propioak...

Horraino bai, bai eta anima edota japoniar zinemak eskaini errealitateraino ere bai.
Baina, esate baterako, zer dakigu Kabukiaren inguru? Zer den ere askok ez lukete asmatuko. Kabuki japoniar antzerki mota bat da. Geishak berak, samuraiak eta abar horretan agertu pertsonaiak eta zinemak, mendebaldekoak ere, Sergei Eisensteinek argi aski utzi bezala, Kabukirengadik zer ikasi izan du; uste baino askoz ere gehiago.
Edo garaian, XVI.mendean sortu zen antzerkiari deritzo Kabuki.
Noh antzerkiaren gibeletik sortua da; horrek ez du esan nahi harengandik sortu denik, baizik eta hura herrikoiagoa egitearren sortu zela. Noh-k 700 urteko historia du bederen, baina betidanik herri xeheatik at egin izan da. Kabuki aldiz, herriari begira sortua da, eta bueltan etorri zaio ordaina, egun ere herriak gustora aski hura begiratzen baitu.

Konplikatua da berez Kabukia, edota haren filosofi zein fisionomia ulertzea lehen azalpen batekin; izan ere, zer pentsatu ematen baitu entzuteak Kabukik ez-ohikotasuna duela ardatz: mendebaldean ohituta gaude eskenatoki gainean errealitatea berregituratzen ikustera, gero eta errealago, gero eta naturalago, gero eta hobe.
Kabukin berriz, errealitatetik eskapo egiten dute, egunerokotasunetik ahalik eta gehien urruntzen dira, ohiko errekurtso, espresioetatik urrun, ia kasik hizkuntza propioa duelarik, sinbologiaz osatu kode berezi bat.
Osotasuna ageri da eskenatokia gainera Kabukin. Soinuak, mugimenduak, espazioak, ahotsak dena du garrantzi bera, batak ez du bestea laguntzen, ez dago maila ezberdinik, gauza bakoitzak badu besteak bezainbeste garrantzia eta presentzia. Taldea osatzen da, haren zentzurik zorrotzenean; armoniaz eta barne energiaz mugiarazten da drama elementu hauek guztien laguntzaz eskenatoki koloredun eta bizidun baten gainean.
Honela, Kabukik ikuslearengan liluraldia sortarazten, lortzen du, instintiboki; giza garunean erabateko probokazioaz sartzen da. Arestian aipatu konplikazio hura, egonez ez egon konplikatua den bezala, Kabukin hori lortzeaz gain, batek daki nola, zein indarrak, zein perfekzio, armoniak, monismoak bideratua mugimendua entzuten dugu eta soinua ikusten kapazak gara.
Istorioak kontatzeko beste modu bat dugu Kabukia, baina beti ere istorioak dira bertan; badago drama, hasiera, bilakaera eta bukaera bat duen drama. Hori bai, antzezlanotan, pertsonai berberak ateratzen dira beti; oso zehaztuta dago zer pertsonaia klase dagoen Kabukin eta horien konbinazioaz, ager eta desagertzearekin burutzen da lana. Hori bai, aspaldidanik gizonezkoak soilik dira aktoreak antzerki mota honetan; hortaz, emakumezkoena egin behar delarik, gizonek egiten dute ere. Ez-ohikotasuna baldin bada ardatza, agian honek ere uste baino zentzu gehiago dauka.
Edonola ere, miresgarria da mendebaldetik zein ekialdetik begiratuta Kabuki aktoreen profesionaltasuna eta, nola ez, Kabuki bera, hain errotua, hain ongi kalkulatua dena, ikuslea behartu gabe, liluratzeko.
Kabuki izeneko aktoreak zioen, “eskenatokian ikuslegoari bizkarra emanez egon behar badut, hala ere nik jarraitzen dut antzezten, mugimendua nere barnean, nere buruan dabil etengabean; eta ikusleak sumatzen du, bestela, nere bizkarrak traba besterik ez luke eginen”.
Zuhatza izan liteke hauxe guztia irudikatzeko erabil genezaken metafora: hantxe da bera, geldirik, isilik, baina ez mutu eta jakina, bizirik, egundoko indarraz lurrari errotua.