hurrengoa
surf: iragarpen aparta. ozeano eta meteorologia pixka bat iñaki garro, borja peñeñori   Egun eder batez, zeure ohol azpian ozeanoan zehar 1.500 miliako bidaia egin duen olatua daukazu eta, hiru egunen ostean, olatua moldeatzen duen barrena edo sakonera aurkitzen duzu, zentzu guztietan ikuskizuna opari emanez.

“Japonen puzkar batek pronostiko bat alda dezake”
Olatuak naturak energia transmititzeko dituen formak dira, baina eragozpen bat dute: %100ean iragarri ezin den fenomenoa dira eta honetaz gozatzeko leku zehatzean eta egun egokian egon beharra dago. Horretarako, olatuak nola sortzen diren eta eguraldiaren mapa nola interpretatu behar diren adierazten dugu. Hau ez dugu egiten oso modu zientifikoan, baina orain arte, gehienetan, ondo funtzionatu du. Hau guztia zuk zeure ondorioak atera ditzazun egiten dugu, ez eguraldi iragarlearenak bezala, ia inoiz ez baitira surferako atxikigarriak. Ohartarazi nahi zaituztegu metereologi mapa bat interpretatzerakoan hainbeste aldagarri daudenez, oso zaila dela asmatzea. Gainera, Japonen puzkar batek pronostiko bat alda dezakeelako teoria kaotikoa kontuan hartzen badugu, lau egun aurretik asmatzea mirari bat litzateke.

Pasadizozko fenomenoak: tsunami-a eta bore-a
Bi egun barru olatuak izango diren jakiteko, ez da beharrezkoa olatuen mekanismoa ezagutzea. Hala ere, mekanismo hau ezagutzea, gainetik bada ere, zoragarria da eta tsunami-a eta bore-a bezalako anekdotez betea dago.
Tsunami-a: 1983ko abuztuaren 27an, Sunda-ko itsasartean Java eta Sumatra-ren artean dagoen Krakatoa irlako sumendi bat erupzioan hastean 20 eta 40 metro arteko hiru olatu sortu ziren. Olatu hauek 500 kilometro orduko abiadura gainditzeaz gain, munduari buelta eman zioten, 36.000 hildako eraginez. Itsasaldean zegoen Kanoiuntzi holandar bat 800 metro lehorrera eta 9 metroko altitudean azaldu zen. Kanoiuntzi honen ainguren kateak Txileko Valparaiso portuan (sinestezina, 9.000 miliatara baitago) aurkitu ziren. Fenomeno hau Mantxako itsasartean ere antzematen da, itsasmailaren altuera handitzen baita.
Mascaret-a edo bore-a: itsasadarraren ahoan sortzen diren olatuak dira. Olatu hauek bildutako baldintzak medio (itsaso-hondoaren orografia, ibaiaren ibilgua, hondoko itsasoa, marea biziak, ...), marea aldaketak ibaian gora gainditzeko gai dira. 1843an, Sena eta Ruan ibaien arteko ahoan, zazpi metroko altuera hartu eta ibaian gora 80 bat km. higituz, urbazter guztiak urak hartu eta bere ibilbidean zeuden untzi guztiak hondoratu zituen. Hauetako batean Victor Hugoren alaba bere eztei-bidaiaz gozatzen aurkitzen zen. Ez dakigu onik atera zen ala ez. Haizeak eragindako olatuak ere altuera ikusgarriak izatera iristen dira. Erregistratutako olaturik handiena 1933ko otsailaren 7an, Ipar Pazifikoaren erdian ikusi ahal izan zen. 34 metroko altuera zuen. Estatu Batuetako armadako untzi bati, USS Ramapo untziari, gertatu zitzaion pasadizo hau. Suposatzen dugu bertako kapitain zen R.P. Withermarsh-ek ez zuela bere longboard-ean pentsatuko, popatik zetorkion olatua ikustean.

“Marea munduari buelta ematen dioten olatuak dira”
Itsasoaren gainazala inoiz ez da geldirik egoten eta bere mugimenduek, oro har, olatu izena hartzen dute. Olatuak hainbat kausaren ondorioz sortzen dira: haizea, mugimendu sismikoak, meteoritoak, amiltzeak, itsaspeko sumendiak, ilargiaren eta eguzkiaren grabitazio-eraginak, untzi azkar baten igarotzeak,... Surflariei aldian behingo olatuak –denbora tarte erregularren ondoren datozenak- interesatzen zaizkigu, gutxi gora-behera iragar daitezkeenak eta tamainaz maneiagarriak baitira. Haizearen eraginez sortutako olatuak dira surfa egin ahal izateko ezinbesteko baldintzak betetzen dituzten bakarrak.
Haizeak olatuak sortzeko, hainbat faktore konbinatu behar dira:
- Behar adina indarreko haizea izan behar du (intentsitate handikoa).
- Haize honek luzeka itsasoan kontuan hartzeko distantzian zehar (distantzia luzea) jo behar du, norabide berean. Distantzia honek fletch izena du.
- Iraupenez, olatuak sortzeko adinakoa izan behar du.
Isobara mapa bat begiratzean ziurtatu beharrekoa: isobarak behar bezain luzeak izatea, bata bestearen ondoan egotea eta zure spotaren norabidea hartzea, baina norabide berarekin harengana ailegatu gabe. Izan ere, honek on-shore haizea( parez pareko haizea, surferako arrunt txarra) sortuko bailuke. Baldintza ezin hobeak izateko, isobarak euren ibilbidea aldatu behar dute spotera iritsi baino lehen, lehorretik sartuz eta itsasoaren norabidean atereaz. Honek haize “terral”a sortzen du, egokiena surferako.
Kostaldera iristen diren olatuen artean bi eratakoak bereiz ditzakegu: itsaskia eta hondoko itsasoa. Itsaskia une horretan jotzen duen tokian tokiko haizea dugu eta berehala desagertzen da haizea geratzean. Hondoko itsasoa, aldiz, ozeanoko toki urrunetan sortutako olatuak dira eta kostaldera iritsi arte higitzen dira. Normalean olatu hauek handiagoak izaten dira. Guri bigarren olatu mota hau interesatzen zaigu.
Kostaldean izango diren olatuen tamaina iragartzeko, olatuen sorgunean haizearen ezaugarriak(fletch-a, iraupena eta indarra) nolakoak diren jakin behar dugu. Hau isobara mapen (eguraldi iragarpenetan ikusten ditugun marra horiek, zeinak atmosferako presio desberdinak zehazten dizkiguten) interpretazioaren bidez lortuko dugu. Haizeak isobaren norabidea jarraitzen du, antizikloien inguruan erlojuaren orratzen zentzuan eta depresioetan alderantzizko zentzuan bira eginez (ipar hemisferioan, Argentinan adibidez, bira alderantzizkoa da). Intentsitatea isobaren gertutasunak adieraziko digu: zenbat eta gertuago, orduan eta indartsuago. Fetch-a marrek, gutxi gora-behera, norabide berean jarraitzen duten distantziaren arabera zehaztuko da.
Higitzen den olatuaren abiadura parametro batzuen araberakoa da, baina, oro har, esan daiteke itsasoan olatuak, gutxi gora-behera, 30 km. orduko abiaduran higitzen direla.

“Itsaso zabalean higitzen dena ez da ura, uhina(energia) baizik”
Olatu batek itsaso zabalean aurrera egiten duenean urezko garraio netorik ez da izaten. Eragina jasandako partikulek, lekuz aldatu gabe, zirkulu formako mugimendu bertikala egiten dute. Hau da, energia garraioa dago, baina ez masa garraioa. Nolazpait ere, olatuak Ipar Atlantikoan energia eolikoa bildu eta ia bere horretan kostalderaino ekartzen dute, surf-ohol baten bidez, energia zinetikoan eraldatzeko.
Olatuak hondoa ukitzen hastean gauzak aldatzen hasten dira. Hondoarekiko marruskadurak olatuaren malda eta altuera handiarazten du. Azkenean, puntu kritiko bat iristen da. Puntu honetan olatua ezin da bere horretan eutsi eta goialdea, behealdea baino azkarrago mugitzen da, itsasoaren gainazaletik ura higituz. Olatua lehertu egiten da eta, orduan bai, ur garraioa dago. Bildutako energia aske geratzen da, ur mugimendu eran, soinua eta kostaldearen higadura sortuz, hondarra garraiatuz...eta, noizean behin, surflariaren desplazamendua (edo muturrekoa) eraginez.
Olatuak spot bakoitzean duen kalitatea jakiteko, hondoko itsasoaren norabideak berebiziko garrantzia du. Olatuak kostaldera gerturatzeak ere bere norabideari eragiten dio, kostaldeko marrarekin lerrokaraziz. Fenomeno honi errefrakzio deritzo.
Azkenean, hiru egunetan 1.500 milia egin ondoren, Irlandako ipar-mendabaldean haizeak itsasoaren gainazalean eragindako energiak, euskal kostaldean, surf saio ahaztezinak egiteko aukera ematen du.
Mundakako barrak baldintza bereziak biltzen ditu: bere orientazioa, bertako itsasadarra, bere barraren orografia (nahiz eta mugitu, hondarrezkoa baita). Hau dela eta, toki hau udazkenean surferako munduko lekurik onena bihurtzen da.